Donostian Metroari stop

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Donostian metro bat eraikitzeko proiektua gelditze aldera informazio eta protesta ekimenak hasi genituenetik, jende asko egitasmo horren aurka dagoela ikusi dugu. Jaurlaritzak, ordea, herritarren partaidetzarako bideak sistematikoki itxi ditu, eta Arantxa Tapia sailburuak joan den martxoan ezezkoa eman dio proiektua gelditzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan prozesu parte hartzaile bat irekitzeko donostiarren 8.928 sinaduraren babesarekin egin genion eskaerari. Aldi berean, aurtengo aurrekontuetan diru sail bat sartu du eraikuntza lanak hasteko asmoz —182 milioi dira datozen urteetarako—, eta lehenengo desjabetzeak egiteko agindu du, Antigua aldean, non obraren zati baten esleipena maiatzerako iragarri duen. Horrenbestez, euskal gobernuak auzi honetan bereganatu duen jarrera inposatzailea salatzen dugu.

Metroa lehenago eraikitzen ere saiatu ziren —egitasmoa Patxi Lopezen gobernuak sustatu zuen hasieran—, 2013an EAJ Ajuria Enera itzuli eta Ana Oregi sailburuak «obra faraonikotzat» joz geldiarazi zuen arte. Aipagarria da Arantxa Tapiak ere Metroaren Pasantea behin baino gehiagotan auzitan jarri zuela aldi hartan, besteak beste, 2011n Gipuzkoako Batzar Nagusietan «Donostiarako garraio sistemarik egokiena zein den: Metroa, hiriko tranbia ala autobusak» aztertzeko eskatu zuenean. Alabaina, zalantzak magiaz bezala desagerrarazi zituen EAJ eta PSEren egonkortasun itunak, eta, Tapiak joan den martxoko idatzian dioenez, «...une honetan ez dugu egokia ikusten Donostialdeko metroaren igarobidearen bideragarritasuna zalantzan jartzea, horretarako inolako oinarririk gabe, ezta herritarren partaidetzarako beste izapide bat eskatzea ere...». Deigarria da «une honetan» esatea, eta argi uzten du, era berean, herritarrak harrizko gonbidatu huts bihurtu nahi gaituztela.

Donostian metroaren aurka aritzeko arrazoiak asko dira:

- Hiriak garraio publikoko sare nahiko ona du, eta badira hori hobetzeko proposamen eraginkorragoak eta inpaktu sozial nahiz kostu ekonomiko askoz txikiagokoak. Funtsean, Topoaren eta Dbus-en arteko koordinazioa sustatzea da gakoa, Topo-Bus aldaketa gune txikiak sortuz, garraio publikoaren sarearen irisgarritasuna era oso batean hobetzeko.

- Aldiz, Metroaren proiektuak Dbusen linea eta zerbitzu asko murriztea aurreikusten du, Jaurlaritzaren txostenen arabera. Murrizketa horrek hainbat auzori kalte egingo lieke.

- Metroak autoz egiten diren joan-etorrien %1'5 bakarrik bereganatuko lituzke.

- Gutxienez 200 milioi xahutu nahi dituzte hirigunean afekzio handiak eragin eta kostaldea ere zulatuko lukeen obra erraldoia egiteko (metroa Kontxako hondartzaren azpian sartzen baita 300 metroko zati batean).

- Metroa Donostian sustatzen ari den hiri ereduaren adierazpen bat da, egitasmoak Topoaren egungo ibilbidea erabat aldatu eta Erdialde/Kontxako «bihotz turistiko eta komertzialera» nabarmenki garraio mugimendu handiagoak eragingo lituzkeen diseinu zentralizatzaile berri bat ezartzen duelako. Mugikortasuna ez da hirigintza ereduarekin zerikusirikez duen kontu bat: nolako hiria nahi dugu?

Arrazoi horiengatik eta beste askorengatik, Metroa gelditu eta afera hau herritarren artean eztabaidagai izan dadin nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.