Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Dnieper ibaia gurutzatzea

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Gutxi-asko, denok ikasten ari gara zerbait Ukrainako geografiaz. Eta, gutxi-asko, gerraren inguruko mapa bat ikusi duen edonork ulertuko zuen Dnieper ibaia dela Ukrainako banalerroa, eta ez edozein banalerro.

Dnieper ibaia handia da, gurutzatzen zaila, zabala eta oso harroa, eta beheko aldean, itsasoarekin muga egiten duen tokian, padura konplexu bat da: uharte txiki eta sakabanatuak daude, eta ez dago jakiterik toki batzuk lurra edo ura diren, eta, horregatik, are zailagoa da han maniobratzea.

Negua iritsi zenetik, lubakien arteko borrokak dira nagusi gerran, Donbass eskualdean batez ere. Ahalegin asko lau metro aurrera egiteko, eta hildako gehiegi hori lortzeko. Arrazoi bat dago horretarako: Dnieper hegoaldean nekazaritza industriala da nagusi, Ukrainako lur beltz famatu haietan. Ia ez dago hiririk, eta errepide nagusiak ere oso gutxi dira. Ukrainarrek zelaiak zeharkatu behar dituzte aurrera egiteko, eta, beraz, elurra eta lokatza kendu arte itxaron behar dute, bidean ibilgailuak hondoratuko ez badira. Aurten, normalean baino geroago desagertzen ari dira elurra eta lokatza.

Eta, hain justu, horrexegatik izan da hain deigarria azken orduetan egin duten operazio txiki bat: lehenengo aldiz, Ukrainako unitate batzuek Dnieper gurutzatu dute, eta ibaiaren beste ertzean kokatu dira, Errusiak orain dela urtebete konkistatutako lurraldean.

Unitate txikiak dira, indar bereziak. Antonivsk zubiko bideari jarraitu diote, ibaiaren beste ertzeko uharte txikiak hartu dituzte, eta kanpamentu moduko batzuk ezarri han. Maniobra ez da handia izan, baina deigarria bai, batetik, litekeena delako udaberrirako iragarri zuten erasoaldiaren lehenengo urratsa izatea, eta, bestetik, litekeena delako espero diren mugimendu ugarietako lehena izatea.

Oso argi dago Ukrainaren asmoa zein den: Krimearaino eta itsasoraino joatea, eta konkistatutako lurraldeak bi zatitan banatzea. Krimeara iritsiko balira, eta, are gehiago,Dzhankoi hiri estrategikoa okupatzeko gai izango balira —oso iparraldean dago, eta han daude trenbideen gurutzagune nagusia eta aireko base ezin garrantzitsuago bat—, orduan aurrea hartuko lukete gerran, nabarmen.

Ez dago argi, Martxelo eta Maria, gai izango diren hori uda honetan egiteko. Horren arabera iritsiko da gerraren bukaera edo luzatuko da hainbat urtez; luzatuko balitz, armistizioa lortu beharko lukete azkenean, eta hori zinez akigarria izango litzateke bi aldeentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.