K Saioa Alkaiza(h)
EGUZKI EPELEAN

Divak

2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Jarridazu zurito bat, diva!», oihukatu dio Haize izen neutrodunak genero markarik ere ez duen Hegoari, Badulakeko barra ertzetik, atzo gaueko eyeliner arrastoak begi zuloetatik kendu ezinik oraindik; purpurina nabaritu du, makarrekin nahastuta. Zenbat kubata joan ote ziren? Kuba-libre gehiegi irentsi zituen atzo, badaki, bere tripen barneko mezzosopranoak esan dio, sabel-orroak entzun baitaitezke, ia-ia Las Felliniren espektakulua bezain ozen; burua, bitartean, atzoko errefusa emozionalaren kontainer bat baino ez da. Ez da gutxiagorako ere: gori dago eztabaida adituen artean, jakin ongi daki, eta interpelatua sentitzen da, zeren: «Eta sarrera berririk ez badago, zer? Onartzen ez badituzte?».

Potente dago kaña aspirazioa duen zurito handiegia, garagardo artisauak hartzeko mania hipsterrak irabazi du eta, gibelaren mugimendu protekzionistaren aurrean. Begiak, laino; burmuina, lanbro. Trago bakarrean irentsi du zerbeza, hala ere. Zutik dago taberna zuloan, pentsakor, gerta daitekeenaren aurrean, urduri, gogoz kontra soinketa klasean kantxaratzen duten nerabe frikia nola. Ez badago sarrera berririk bereak egin du. «Gaur emanen dute erabakiaren berri», hausnartu du, berriz ere, deseroso. Postprodukzio ariketa bat baino ez da haren memoria azken hilabetean, migrante bat da barne ideien anabasan, ez baitira egun errazak hauek, «Eta ez badituzte proposamenak onartzen, zer?» ideia baino ez dabilkio buruan. Zalantza betean dago Haize, duden kronoigoerari erritmoa hartu ezinik.

Pentsamendu koherenteetan bakarrak dio jateko zerbait beharko lukeela, ez flipatzeko bestelako perturbazioekin: bokata bat agian, klasiko jarrita, baina sobera iruditu zaio, eta pintxorik ez dago barran; kebab bat hartuko du bestela, pareko lokalean, legatza pla-pla eginda gusturen hartuko lukeen arren. Orduantxe izan da, unea heldu da: txilio ozen batez ernarazi du Hegoak Haize, smartphone-aren pantailako titulua erakutsiz, muturraren parean jarriz. Azkenean, bai: unea heldu da. BERRIAk dakar notizia: friki, zurito, diva eta tuper hitzak hiztegian sartu ditu Euskaltzaindiak.

Garrasi egin dute biek, begiak beteta, elkar besarkatuz, pozez kabitu ezinik, «Azkenean!», diote, malkoei ezin eutsiz. «Gramatikaren jonkiok behar genuen lubrifikatzailea da!», bota du Hegoak. Lasaitua hartu du Haizek: «Eskerrak! onartutako zerrendako 27 hitz sartu ditut gaurko testu honetan», erantzun dio. Ardoz bete dute kopa bana, pozik bezain morboso, eta topa egitea erabaki dute aho batez, erreferendum bidez ezin delako: «Bidea ireki zuten diven alde!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.