Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Dindili-danbalaka

2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Zorabiatutako txorimalo balantzati bat dirudi beso zabalik aurrerantz abiatzean. Oinak tenk, bata bestearen atzetik daramatza proban, lehen urratsak egiten hasitako moxal jaio berri baten antzera. Keinu, imintzio eta marruka hasten denean, urte bete eta lau hilabete eskaseko gorputz txikiaz inguruko pertsona gehientsuenen begirada atzeman eta urtzeko gaitasuna du. Eta esango nuke etxean ez dela halako une gozo eta alairik sortu aspaldian.

Bitxia da azaltzen haur txikiek euren inguruan pizten dutena. Besoetan hartu nuen lehen aldian, hozkia ematen zidan. Ikasi gabeko lezioen pisuaz, nire hauskortasunak bera era hautsiko zuelakoan edo. Anaiak berak ere, denbora behar izan zuen alaba jira-biraka algaratan astintzen hasteko. Baina haurrekin batera ikasten eta berrikasten du inguruak ere.

Eta orain hementxe gabiltza, bere erritmora egokitzen. Tarteka eta behar duenean, hatzen bat luzatzen helduleku gisa balia dezan. Soka askatzen eta zirrara betean korrika bere kasa abiatzen uzten, ostean erori eta zutitzen ikasten duen bitartean.

Ni neu ere halaxe sentitzen naiz, dilindan, olatuen joanean eta etorrian. Iraganari begira, esne-mamizko oroitzapenei hautsa arrotzen. Garai bateko nire haurrarengana itzuli eta oraingo orbanak miazkatzen. Ingurua zalantzan jartzen, maitasunez eta pazientziaz, lehengoak orain ez duela balio ulertarazi nahian. Heziketaren baitan, guraso izan gabe ere gure inguruan eragiteko gaitasunaz jabetzen, bere on eta txar guztiekin.

Eta eskerrak ahulak garen. Zartatu, desikasi eta hazten jarraitzeko gai garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.