Autobusa iritsi bitartean, geltokiko iragarki horma bati begira uxatu ditut asperduraren euliak. Ezer gutxi dago, dagoeneko pasatu diren inguruko auzoetako jaietako kartelak salbu —umeen jolasak, bolo txapelketa eta mus eta briska partidak mantentzen dituzten horiek, arrazoi genetikoren batengatik hainbeste maite ditudanak—. Baina kartel eta kartel artean, paper zati zuri bat dago itsatsita: «Familia dezente batek pisua alokatu nahi luke herri honetan. Eskerrik asko»; mezuaren azpian telefono zenbaki bat hainbat aldiz errepikatua, bertikalki moztutako txataltxotan. Gaztelera hutsean dago idatzita, eta horregatik decente berbak beste esanahi bat hartzen du, euskaraz irakurrita familia handi bat dela uler zitekeen arren.
Ikaragarrizko jakin-mina piztu dit kontzeptuak, ni ez nintzatekeelako ausartuko nire familia horrela aurkeztera, badaezpada ere. Zer da dezentea izatea? Familia «jatorra», «alaia», «garbia», «langilea» edo «kaudimenduna» garela jartzea ez da hain arriskatua, gauza jakin batean onak garela adierazten dute eta hori da aurpegiratu diezaguketen bakarra txarto eginez gero —«ba ez zarete hain garbiak!» edo «ez duzue inor agurtzen portalean!»—. Baina noraino hedatzen da dezentziaren espektroa? Zer esperoko litzateke gugandik, zenbat gauza? Zenbateraino zorpetzen gara dezenteak garela esanda?
Ezin izan dut saihestu iragarki hori jarri zezaketen familia eredu posibleak irudikatzea, eta bide batez ohartu naiz zenbat uda pasatu ditudan zazpi herrialdeetako familien kartekin jolasean, eta pentsatzen dut horrek ere izango zuela eraginen bat aita-ama-semea-alaba estruktura mentalaren eraketan.
Demagun Madrildik Euskal Herrira iritsi berri den familia bat dela, kontserbadorea. Hiru seme-alaba dituzte, ez dutenak ohe gainean saltorik egin beraien bizitza osoan. Emazteak takoiak eranzten ditu etxera sartu orduko, senarrak «Buenas» esanez agurtzen ditu bizilagun guztiak. Ez daukate maskotarik eta 22:30erako denak lo egoten dira. Dezentziarena aipatu dute iragarkian, beraiek ere horixe eskatuko luketelako pisu-jabeak balira.
Edo agian errumaniar jatorriko sendi bat da, orain arte Valentzian bizi izan dena. Hona etortzea erabaki dute lan kontuak hobeto daudelako. Bikote gazte bat da seme jaioberri batekin eta bigarrenaren esperoan. Beste esperientzia batzuetatik ikasi dute pisu-jabeek jende dezentea baino ez dutela alokatu nahi, eta badakite izendapen hori lortzea ez dela hain erraza kanpokoak izanda. Horregatik idatzi dute hasieratik iragarkian, inork ez dezan zalantzan jarri.
Edo izan daiteke kartetatik kanpo geratu den familia eredu bat ere: bi ama eta bi ume, alargun bat eta bere alaba, aitona-amonak eta biloba bat, bost umedun familia handi bat, dibortziatu berri den ama bat eta bere seme nerabea, bi aita eta ume txiki bat. Autobusa etorri da eta hortxe eten behar izan dut gogoeta; eserlekuan eseri naiz telefono zenbakia gorde ez izanaren penaz. Urte batzuk barru deituko nieke bestela, ea zorterik izan duten galdetzen, ea pozik bizi diren herri horretan, ea «dezentzia» esanda gauza bera ulertu zuten beraiek eta pisu-jabeak.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK
Dezente
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu