Deskortesia

Anjel Lertxundi.
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Liburu-dendan, iritsi berri diren nobedadeen usnan. Hartu dudan liburuetako baten portadak eta tituluak erakarri naute. Egileak ere konfiantza ematen dit,haren hizkera dotorea baita eta kontatzen dituen istorioak, interes dezentekoak. Kontrazalean, ohi denez,liburuari buruzko laudorioak, baina ukitu ironiko batez esanak. Gero eta erosgarriagoa egiten ari zaitliburua. Zabaldu, eta lehendabiziko orriari, kortesiazkoa deitzen zaionari, erreparatu diot. Eskaintza labur bat dakar:

«Sarari, berak badaki zergatik».

Liburua erosteko gogo guztiak joan zaizkit. Suposatzen da autoreak irakurleentzat idatzi duela liburua. Zuretzat, niretzat. Baina hasiera-hasierako esaldian, kortesiazko atarian, deskortesia itsusi hori, informazioa ukatzen didana, Sararen eta egilearen arteko sekretutik kanpo uzten nauena...

Esku hutsik irten naiz dendatik. Ordutik, galdera bati bueltaka ari naiz: zer ote da Sarak dakien hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.