Aste hau bereziki beldurgarria izan da Kataluniako Gobernuarentzat. Batetik, eskandalu bat, Generalitaterako oposizioen ingurukoa; bestetik, hamaikagarrenez, Renferekin dagoen arazoa, Bartzelona hegoaldeko metropoli ibilbideak kolapsatu baititu. Biek ala biek irrigarri utzi dute Pere Aragonesen gobernua.
Oposizioen kaosa bereziki esanguratsua izan da. Deialdi bat egina zuten, oso zabala, eta parte hartze handikoa, baina porrot erabatekoa izan zen. Ez zegoen nahikoa fitxa eta kopia, zenbait parte hartzailek ordubete baino gehiago itxaron behar izan zuten sartzeko, ez ziren kontrolatu esparruko sartu-irtenak, ez eta sakelakoak ere ikasgeletan.
Kontua da gobernuak proben deialdia azpikontratatzea erabaki zuela, multinazional baten Espainiako sukurtsal baten bidez, milioi bat eta erdi euro ordainduta. Multinazional horrek aldi baterako laneko enpresa bat azpikontratatu zuen, eta kaos itzela sortu, bai eta protesta eta inpugnazio olde bat eragin ere.
Baina kontua are gehiago korapilatu zen: Presidentetzako kontseilari Laura Vilagra kolokan zegoen beldurrez, gobernuak erabaki zuen Funtzio Publikoko zuzendari nagusia kargutik kentzea, baina, aurrerago jakin zenez, probak kanpora ateratzeko kontratua lortu eta gero fitxatua zuten, eta, hortaz, ezin zuen inolako errurik izan aferan. Parlamentuak orain Vilagraren agerraldia eskatu du, eta dimisioa eman dezan galdegin dute zenbait alderdik eta sindikatuk. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Arazo politikoa, ordea, askoz ere larriagoa da, handia baita desgobernu sentipena. ERCk bakarka gobernatzea hautatu du, 135 aulkietatik 33 edukita, eta, horrela, ia ezinezkoa da ezer egitea. Gobernuak gertatzen ari den horretan zuzeneko erantzukizunik ez duenean ere, oposizioa hain da handia eta hain dago gobernu ahul hori harrapatzeko irrikaz, non den-dena oztopo handi bihurtzen baita.
Hala, Renfe-Adif bikotearen beste matxura batek, antza denez, ataka gaitzean lagako du Bartzelona hegoaldeko metropolialdea hilabete baino gehiago, eta horrek agerian utzi du, era berean, gobernu autonomikoak ez duela gaitasunik ezer egiteko. Aurrerantzean, milaka pertsonak arazo larriak izango dituzte egunero lanera iristeko, eta jabetzen hasiak dira Generalitateak ez diela ezertarako balio. Hain zuzen, aspaldiko urte hauetan ez da gauza izan egoera konpontzeko, eta oraintxe ez du ezer egiteko tarterik, eta ez dirudi inolako ideiarik duenik ere. Desgobernu kezkagarria.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Desgobernua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu