Inoiz zapaldu ez ditugun kaleak zeharkatu genituen atzo gauean. Ordura arte, mundua borobila izan zen, baina karratu bihurtu eta heredatutako geografia (eta labirintoa) uzkurtu zitzaigun. Orduan, bidetik ihes egiten ahalegindu ginen. Azken finean, sortzerakoan idatzi ziguten gidoia aspaldi hasi baitzen okertzen.
Birusa barruan daramagu. Lehen borroka barne etsaiaren kontrakoa izan behar da, gerra-pinturak geure buruen kontra. Ispiluak apurtu behar ditugu eta ez erakutsi geure burua gure trofeorik onena bagina bezala. Baina, kontuz, azken mohikanoak esan omen zuen porrotak eta geroak ez dutela errimatzen.
Horretarako, beste bizimodu batzuk erditu behar ditugu, egunerokoan mugimendua egin eta tribuen arteko maitasunezko lurraldeak josi. Ahulak eta zaurgarriak garelako, gorputz txikiak. Gorputz zeharo inperfektuak, larru, errai, haragi eta hezurren mapa hutsa, min eta desirez betetako tolesturak.
Ze gu, potentziakoak gara, ez boterekoak, banda eta tribu ororen lagunak. Eta desikasten tematuak. Eta errotik intsumisoak. Eta inorenak izan behar bagara, izan barik edo gura barik, baina gu, izatekotan, Mauriziarenak gara.
Oxala arropa kentzeko beldurra uxatuko bagenu, Erromara ez doazen bideak asmatuko bagenitu, hizkuntzarik ez duten berbez erdituko bagina, desasmatzen ikasiko bagenu, geure larruazalak desasmatu eta gura ditugun berriak jantziko bagenitu. Oxala.
(Estilo ariketa honetan Democrazy musika taldearen lehen diskoko letra batzuk josi ditut. Barkamenak izorratutako kanta zatiei eta eskerrak eman Rusori, nerabezarotik pentsatzen eta dantzatzen jartzeagatik).
MELE
Desasmatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu