Isiltzen doa Pello Reparazek gidatzen duen Zetak taldeak duela astebete Iruñean eman zituen bi kontzertu ikaragarrien oihartzuna. Kontzertua ikusi genuenoi ezerk ez digu kenduko gau magiko horrek utzi zigun zapore ona. Ez da urruti ibiliko inoiz euskal musika talde batek emandako ekoizpenik handiena izatetik. Halako gertakizun masiboek badute, efektu ludikoaz gain, beste efektu indartsu bat: euskara eta euskaldunok jasaten ari garen oldarraldiei erantzuna ematen dien komunitate bizi bateko kide izatea.
Zetak-en Iruñeko bigarren kontzertua ETB2n emango zutela jakindakoan, zutabegile honek pentsatu zuen, harridura ezin saihestuz, telebistaren arduradunen erabakia zela; baina ez zetorren bat urteetako prozedurarekin, hau da, euskara oinarri daukaten produktuak ez dira eskaintzen gaztelaniazko katean.
Baina kontzertua bukaera aldera iristen ari zenean, Reparazek berak argitu zigun kontzertua ETB2n eskaintzea haiek telebistari egindako eskaera izan zela, eta, hala, zutabegile honen harridura handitu.
Logikoa da gaztelaniazko kateari audientzia handiko euskarazko produktu bat oparitzea? Zein da helburua, euskaldunak ETB2ra eramatea edo erdaldunak ETB1era? Euskaraz ez dakien ikusle zetak-zaleak igual ikusiko zuen kontzertua euskarazkoan.
Segi dezagun Zetak-ekin gozatzen.