Ba ote dago militar batek baino lan produktibo gutxiago egiten duen langile publikorik? Nazioarteko kanpainetan parte hartzen dutenak alde batera utzita, munduko armada askotan, gehienetan ez bada, inongo gerratan parte hartu gabe igaroko ditu soldadu batek akademian sartu eta erretiroa hartu bitarteko urteak. Ekoizpena? Ia hutsa. Gastua? Ikaragarria.
Costa Rica da armadarik ez daukan herrialderik handiena, eta, era berean, armadarik ez daukaten gutxietako bat. Horrek ez du esan nahi bere burua defenditzeko polizia sendorik ez daukanik.
Valentzian 220 hildako baino gehiago eragin berri dituen tragediaren harira bizkortu da ostera armadaren justifikazioaren eztabaida; zertarako behar den armada handia —120.000 militar Espainian, 200.000 Frantzian— egun guztia kuartelean sartuta egon behar badu. 13.000 milioi euroko aurrekontua dauka urtean lehenak, 50.000 milioi eurokoa bigarrenak. Zertarako? Nazioarteko misioetan —bakea batzuetan eta gerra besteetan— plantillaren %10 edukitzeko; beste guztiak inoiz iristen ez den eraso interplanetarioaren zain, nonbait. Militarrak errepideak eta eskolak berritzen jarri zituen Hugo Chavez presidente venezuelarrak 1999an.
Bidezkoagoa litzateke larrialdietan esku hartze indartsua egingo lukeen zibilek osatutako talde sendoa osatzea.