Espekulatzaile finantzariak izan dira azken hamarkadotan munduko ekonomiaren etsairik handienak, diru kopuru ikaragarriak ibili dituztelako nahieran merkatu batetik bestera. Gutxi axola putre horiei mugimendu horiek herrialde bateko ekonomia hondoratuta gobernu bat kolokan jartzen bazuten, edo milaka langile kale gorrian uzten bazituzten. Baina, hala ere, bihotzik gabeko espekulatzaileak munduko eragile ekonomikoek adostutako sistemaren barruan zeuden.
Mende batez, beti herrialde aberatsen mesederako noski, funtzionatu duen sistema hori birrintzeko makina abiatu du AEBetako presidente Donald Trumpek, muga zergen noria eroarekin. Patetikoa da Trump ikustea, eskolako notak erakusten dituen irakaslea bailitzan, herrialdeei ezarriko dien muga zergen zerrenda erakusten.
AEBetako buruak hartu duen erabakiak, bistan da, inori kalterik egitekotan haiekin balantza komertzial handia daukaten estatuei —herritarrei, alegia— egingo die. Ekonomia sendoa edukitzeaz gain kanpo merkatua oso dibertsifikatuta daukatenek —europarrek— hobeto eutsiko diote Trumpen erasoari, baina ahulek gorriak ikusiko dituzte. Azken horien artean, Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako herrialdeak daude, haien kanpo salmenten erosle nagusiak AEBak baitira.
Trumpen jokabideak horrenbeste estaturi egiten badie kalte, ez ote dago modurik denok bat egin eta aurre egiteko?