Espainiako Gobernuak hartutako erabaki batek sutan jarri ditu Kataluniako Duintasunaren Batzordeko kideak. Espainiako Poliziak Katalunian daukan egoitza enblematikoa —Poliziaren Buruzagitza Nagusia, Via Layetana kale ezagunean— ez du poliziaz hustuko, Batzordeak eskatutakoari muzin eginez.
Kataluniako tortura gune nagusia izan da polizia etxe hura, Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan. Errepresioaren irudia katalan demokrata askorentzat. Errepresioa jasan zutenek eta haien ondorengoek askotan eskatu dute, indar handiagoarekin azken urteotan, buruzagitza hori poliziaz hustu, Generalitateari eskualdatu eta Torturaren Interpretazio Gune bihurtzeko; Argentinan, azken diktaduran —1976tik 1983ra— tortura lekua izan zen Armadaren Mekanika Eskolarekin 2004an egin zutenaren bidetik. Gaur, eraikin hura Oroimenaren eta Giza Eskubideen Gunea da.
2007an onartu zuen Espainiako Kongresuak Bartzelonako polizia etxe hura oroimenaren gunea bihurtzea, ez alferrik. Hamazazpi urteren ondoren hantxe segitzen dute poliziek. Espainiako Oroimenaren ministro Angel Victor Torresek hitzeman berri dio Bartzelonako alkate sozialistari orain benetan beteko dutela duela hamalau urteko akordioa, baina ez du bermatu poliziak eraikinetik aterako dituztenik. Oroimena eta polizia batera?
Noiz hasiko gara Intxaurrondoren etorkizunaz hitz egiten?