martxelo otamendi

Xiberta Korsikan?

2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninen eta Korsikako hautetsien artean uhartearen autogobernuari buruz astelehen gauean lortutako akordioak leiho berri bat zabaltzen die korsikarrei haien burujabetzan aurrera egiteko. Edo ez. Ez da komeni ahaztea, batik bat Frantziako deszentralizazio politikaz ari garenean, edozein botere kontzesiori deitzen ahal diotela autogobernua paristarrek, xingoma bezain elastikoa den kontzeptua baita. Nahieran luzatzen edo estutzen dute.

Bi urteko eztabaida sutsuaren ondoren, A4 orrialde batean sartu zen testua hitzartu zuten, alegia, oso zehaztapen gutxirekin, oinarrizko printzipioen akordioa delako.

Akordioak dio Korsikak lege organikoaren izaera izango duen autonomia estatutu bat edukiko duela, korsikarrei legeak eta arau propioak erabakitzeko eskumena emango diena. Lege eta arau horiek, ezin genuen besterik espero jakobinoengandik, ezin izango dute Frantziako Konstituzioa urratu. Korsikarrek ez dute lortu, negoziazioaren fase honetan, korsikera ofiziala izatea.

Bide luzea hasiko da orain, hala Parisko ganberetan nola korsikarren arteko eztabaidetan. Ez harritu, gurean 1977an bezala, Korsikan ere, Parisen gozamenerako, abertzaleak zatituko dituen Xiberta bat gertatzea: abiapuntua batzuentzat, amarrua besteentzat.

Gertutik segitu beharrekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.