martxelo otamendi

Volkswagenen motorra, eztulka

2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Nola da posible Europako autogintzan horrenbesteko indarra eta nagusitasuna daukan erraldoi alemanak, Volkswagen autogileak, horren kalkulu txarra egitea etorkizun hurbilean ekoitzi beharko zituen auto kopuruarekin? 

Alemanian dauzkan hamar fabriketatik hiru ixtea asko da —azken 87 urteotan aurreneko aldiz itxiko du lantegi bat—, milaka langile lanik gabe uztea ekarriko duelako; kalera joan beharko dute, krisia horrenbestekoa baldin bada ezin izango dituztelako beste inon jarri lanean. Eta kalera ez doazenen kasuan, soldaten —ez dira txikiak batez beste— %10eko jaitsiera jasango dute.

Horren tamaina ikaragarria daukaten enpresa askorekin jazotzen den legez, kaltea handia izango da autoak egiteko lantegietatik kanpo ere; autogile esaten diegu Volkswagen, Mercedes, Citroen… enpresei, baina bereziki kanpoko enpresek egindako pieza bateratzaile dira. Horrek egoera larrian jarriko ditu enpresa hornitzaileak eta haien langileak.

Iruñean dauka Volkswagenek Nafarroako ekonomia industrialaren zutabe nagusietakoa den fabrika, Landabenen. Ikusi egin beharko da zer eragin daukan krisiak Iruñeko lantegian, langileengan eta Euskal Herriko enpresa hornitzaileetan. 

Auto lantegiek behera egin zuten AEBetako inguruetan egin zuen gora nabarmen Donald Trumpek 2016ko hauteskundeetan. Alemaniako eskuin muturra egoera zaurgarri horien zain dago arrantza egiteko. Erne gurean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.