martxelo otamendi

Venezuela, hasierako laukira berriro

2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun

Kosta zitzaion atzo esnatzea Caracasi; goizeko seietarako buila eta trafiko handikoa den hiriburuan ez zen ezer entzuten, ia inor ez zebilen errepide eta ibiltokietan. Merkataritza eta garraioa itxita, beldurrak hartutako hiria zen. Zeri zion beldurra, ordea?, galdetuko du bisitariak. «Edozer gauza gerta liteke bihar», esaten zuten igandean Maduroren aurkakoen denda eta jatetxeetan; hauteskunde biharamunean istilu larriak, arpilatzeak, borrokak… egoteko aukera handia zegoelakoan. Protestak egon badaude, oposizioaren aldekoek antolatuta, baina puntu bakanetan.

Hauteskundeak egin ziren igandean, eta, kontaketa ofizialaren arabera, Nicolas Madurok irabazi zituen. Zer aukera dauka botoak zenbatzeko ardura daukan CNEri iruzur egitea leporatu dion oposizioak eskuko zenbaketa bat eginarazteko? Bat ere ez, gobernuak ez duelako onartuko, eta nazioarteak, esanak esan, ez duelako behartuko.

Profil baxua ezarriko dio chavismoak ustezko iruzurraren eztabaidari, herritar askoren haserrea hozteko. Zer egingo du oposizioak? Saiatuko da haserrealdiari eusten, baina maila baxuarekin, nahiz ezin den baztertu erraldoia izan nahiko lukeen indar erakustaldira deitzea.

Hiru arazo dauzka oposizioak. Lehena: AEBek asko maite dute Venezuelako petrolioa, trinkoa eta ugaria, eta Caracasek are gehiago maite ditu petrolio horrengatik Washingtonek ordaintzen dizkion dolar berpiztaileak.
Bigarrena: Corina Machadok, bere ideologiagatik, beldurra ematen die chavismoa utzi nahi dutenei. Hirugarrena: Maduroren aurka hitz egiten duten askoren diziplinarik eza, ez dute botoa ematen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.