martxelo otamendi

Venezuela, berriro agendan

2025eko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ahaztuta daukagu noiz izan ziren Venezuelako presidentetzarako hauteskundeak, baina ia sei hilabete igaro dira. Uztailaren 28an egindako hauteskundeen emaitza eztabaidatsuan aktak izan zen denon ahotan egon zen hitz politikoa. Saiatu ziren, saiatu zirenez, Kolonbiako, Brasilgo eta Txileko presidenteak Venezuelako buruzagiek aktak argitara zitzaten, baina Nicolas Maduro presidenteak, denborak bere alde jokatuko zuela jakinda, uko egin zion mahaiaz mahaiko emaitzak publiko egiteari.

Ondoren etorri zen Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioko hautagaiaren Espainiarako irteera, eta, pixkana, Madurok aurreikusi bezala, gaia desagertzen joan zen.

Ostiralean du Madurok inbestidura saioa. Gonzalezek esana du Venezuelan sartuko dela, eta bera izendatuko dutela presidente. Bere ustezko inbestidura berotzeko, jira motz bat ari da egiten: Argentina, AEBak —Joe Bidenekin—, Uruguai, Panama eta Dominikar Errepublika. Adierazgarria da Gonzalez ez joatea Madurok aktak erakutsi zitzan presio handia egin zuten Kolonbiara, Brasilera eta Txilera.

Baliteke Gonzalez Venezuelan sartzea eta inbestidura klandestino bat egitea, ezin izango duelako ezer gehiago egin. Nazioarteko bitartekariek eskatuta, behin utzi zion Venezuelako Gobernuak ihes egiten Gonzalezi; ez dio bigarren aukerarik emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.