martxelo otamendi

Venezuela, azken txanpan

2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Gertaera guztiei historikoa esateko ohitura daukagun garaiotan, igandean Venezuelako presidentea aukeratzeko egingo diren hauteskundeek ere mereziko dute kalifikatzaile hori, behin eta berriro ari baitira bi hautagai nagusiak hitza erabiltzen: 2013tik presidentea den Nicolas Maduro, eta oposizio bateratuaren ustekabeko hautagai Edmundo Gonzalez.

Urte askoren ezinikusiaren ondoren, gobernua eta oposizioa, herrialde erraztaileen laguntza metodologikoarekin —Norvegia, Barbados, Errusia, Herbehereak, Kolonbia, Mexiko eta AEBak— bilerak egiten hasi ziren Barbados uhartean. Han adostu zituzten bi aldeek hauteskundeak egiteko bermeak, Barbadosko Ituna esaten zaiona; besteak beste, oposizio batuak primarioak egingo zituela hautagaia erabakitzeko. Oposizioaren lider eskuindar Maria Corina Machadok irabazi zituen, botoen %90ekin. Handik egun batzuetara, Venezuelako Justiziak 15 urteko inhabilitazioa ezarri zion. Machadoren ordezkoari ere, Corina Yorisi, moztu zioten hautagaia izateko bidea, izena emateko orduan «arazo teknikoak» egon zirela argudiatuta.

Azkenean, ibilbide luzeko diplomatiko ohi Edmundo Gonzalezi eskatu zion Machadok hautagai izateko. Ez zaio oraindik sustoa pasatu amaren aldetik —Urrutia du bigarren deitura— jatorri euskalduna daukan hautagaiari. Adinak oso motelduta, Venezuelako Biden deitzen diote Maduroren aldekoek.

Oraingoz, lasai doa kanpaina Caracaseko kaleetan, Madurok oso kanpaina bisuala egin du; bazter, pareta eta faroletan omnipresentea delako bere irudia. Gonzalezen irudi bakar bat ere ez du ikusi zutabegile honek hiriburuko kaleetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.