martxelo otamendi

Valentziako PP, denbora pasatu zain

2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun

Denborak gaitz politiko gehienak sendatzen dituen ustea eta praktika oso zabalduta dago politikarien artean, esperientziak erakutsi dielako beti dagoela aurrekoa estaliko duen gertaera bat.

Nor gogoratzen da abuztuan horren harrapatuta eduki gintuzten Venezuelako hauteskundeekin? Madurok bazekien denborak bere alde jokatuko zuela, aurreneko asteetan bizirik ateratzen bazen; bera estu hartu zuten nazioarteko buruzagiek ezin izango zutela luzaz segitu presioa egiten. Eta horrela izan da.

Estrategia bertsua darama Valentziako PPk, eta bereziki Valentziako Gobernuko presidente Carlos Mazonek. Badaki eutsi egin behar diola, aste gutxi barru Valentzian jazotako tragedia hozten joango dela agenda politikoan eta komunikatiboan, gertatuko dela bere kudeaketan egindako akats larriak eta zuriezinak, esandako gezurrak eta erakutsitako enpatiarik eza estaliko dituen konturen bat. Hori da bere salbagailu bakarra: denbora, presioari modu jarraian eusteko jendearen ezintasunarekin batera.

Itxaropen bera dauka Espainiako PPren buru Alberto Nuñez Feijook, denborak aukera emango diola Mazon ez kargugabetzeko. Orain kargutik kentzea bere buruari harriak botatzea litzateke, horregatik proposatu zion Pedro Sanchez Espainiako presidenteari larrialdi egoera ezartzeko; ardura nagusia Sanchezek hartu eta hortik aurrerako kritikak Mazonengandik Sanchezengana desbideratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.