martxelo otamendi

Urte Berria euskal pilotarentzat

2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Espero zen bezala, oso gaizki hartu du Espainiako Euskal Pilota Txapelketako lehendakari Julian Garcia Angulok joan den larunbatean Munduko Euskal Pilota Federazioaren batzarrak, urte askotan ukatu ondoren, Euskadiko Federazioa kide onartzea. Jukutriatzat jo du Angulok batzarrean gertatutakoa, bultzada politikoa ikusi duelako Euskadikoaren eskubide osoko ofizialtasuna sustatu dutenengan.

Ez zaio arrazoi falta Angulo jakobinoari: bultzada politikoa izan baita, baina aurkakoa, Euskadikoari ofiziala izatea hamarkadotan eragotzi diona. Nola ulertu bestela izen ofizialean euskal adjektiboa daraman kirol baten federazioan ez uztea denek sortzailetzat jotzen dituzten euskaldunei kide izaten. Politika.

Erabakiaren aurka Espainiako Federazioak egin ahal izango dituen helegite guztiak aurkeztuko dituela iragarri du Angulok, haserre, batzarraren erabakia jakin eta berehala: Kirolaren Auzitegi Administratiboan, Kiroletako Kontseilu Nagusian eta Nazioarteko Olinpiar Batzordean. Eta bide horretatik lortzen ez badu, justizia arruntean.

Lan bikoitza dauka aurki berrituko den Euskal Federazioaren zuzendaritzak: Espainiakoak jarriko dituen helegiteei aurre egitea lehena; bigarrena, nola moldatu Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariek Euskadiko selekzioarekin jokatzeko aukera eduki dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.