martxelo otamendi

Urkullu eta Otegi

2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dugu ikusiko Urkullu-Otegi lehia Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko partidan. Lehenak nahi zuen, baina alderdiko zuzendaritzak ez dio utzi; eta bigarrenak ez zuen nahi, eta alderdiak ez du behartu. Begirale eta apustuzale asko geratuko dira norgehiagoka horretaz gozatu gabe.

Ez du samurra izan behar hiru legealdiz lehendakari eta alderdiaren irudiaren erreferente nagusi izan denari, 8.000 hildako baino gehiago utzi dituen pandemia latza kudeatu behar izan duenari, bilera batean esatea haren garaia pasatu dela, eta, duela hilabete batzuk burukide batek pribatuan esan zuena hona ekarriz, ez dutela ikusten erakarmen nahikoarekin azken hiru hauteskundeetan —Eusko Legebiltzarrekoak 2020an, udal hauteskundeak maiatzean eta Espainiakoak uztailean— alderdiak eduki duen galera gelditu eta buelta emateko. Horrelakoa da politika batzuetan: bihozgabea.

Hori esatea itxura guztien arabera berriro aurkezteko asmoa zeukan lehendakariari. Izan ere, zer zentzu dauka irailaren hasieran oihartzun eskasa eduki duen Konbentzio Konstituzionalaren proposamena kaleratzeak, ez bazuen Urkulluk berak kudeatu behar lehendakari postutik?

EH Bilduko idazkari nagusi izatea hobetsi du Arnaldo Otegik, erabat dedikatuta proiektu nazionala garatzera. Logikoa, ikuspegi nazional batetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.