martxelo otamendi

Trumpi, bere sendagaia

2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Antzezlanik onenari ematen zaion saria behin baino gehiagotan irabazi duen idazleari ere ez zitzaion okurrituko AEBetako kanpaina honi buruzko mandatuzko antzezlanean Donald Trumpen aurkako atentatu bat sartzea. Ez dago lehenagotik antzezlanaren testua nahiko korapilatuta, eta presidente ohi eta errepublikanoen hautagai izango dena, Donald Trump, hiltzea bilatzen duen atentatu baten biktima izan zen larunbatean, mitina ematen ari zela. AEBetako zinemagintzan, esate baterako, genero oso bat osatzen dute presidentearen aurkako atentatuen filmek: hilketa, bahiketa...

Zorionez, zauri arina egin zion balak belarrian Trumpi; duela lau urte AEBetako Gobernuaren ardura hartu eta, berehala, munduko bazter askotara ez-politikaren ideologia zabaldu zuen politikariari: Jair Bolsonaro Brasilen, Europako eskuin muturra, Javier Milei Argentinan...

Zaila da, larunbatean jazotakoa ikusita, «Trumpi bere sendagaia eman diote» esaldia esateko tentaldiari eustea. Betiko politikaren usteltzailea izan da azken hamarkadan, beste politikariengatik sekula esan gabekoak esan ditu, 2021ean bere jarraitzaileek Kongresuan egindako erasoa ez du kritikatu, bere aurkako auzietan lekukoak erosi ditu, zerga iruzurgilea izan da...

Edozein gairekin apustuak egiteko joera daukaten herrialdean, aise irabaziko zuen, atentaturik izatekotan, demokraten aurkakoa egingo zuten posturak.

Asko falta da oraindik hauteskunde egunerako. Ondo eseri antzokiaren besaulkian, eroso jarri, eta adi, inork espero ez duen ustekabe gehiago sar baititzake idazleak antzezlanaren gidoian azaroaren 5era bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.