Ez pentsa burugabeak iruditzeagatik AEBetako presidenteak esandakoak serio hartu behar ez direnik, edo garrantzirik egin behar ez zaienik. Ez da estrategiarik eraginkorrena parean daukagunaren erreakzio gaitasuna gutxiestea; ateraldi barik mehatxuak direlako Trumpen hitzak.
Asteotan ikusiko dugu Trumpen jomugen sailkapena, hasita dagoelako bere etsaiei mezuak bidaltzen. Zein irizpiderekin osatuko du zerrenda? Ezkerreko gobernuak lehendabizi, horiek izan litezkeelako, inor izatekotan, mugetatik at gobernatu nahi duen Trumpi eragozpena jar diezaioketenak.
Rio Grandetik behera dauzka begi mendekatiz jota Trumpek hainbat gobernu: Mexiko, Kuba, Venezuela, Kolonbia, Brasil, Txile… Hirugarrenarekin ez da oraingoz sartuko, ez inbestidura mintzaldian iragarri zuen erregai fosilen erabileraren hazkundeari erantzuteko hornidura ziurtatzen ez duen bitartean.
Kolonbiarekin hasi da. Gustavo Petro presidenteak esan dio ez diela lur hartzen utziko AEBetatik Kolonbiara kolonbiar ilegalez beteta Trumpek igorri nahi dituen bi hegazkinei. Trumpek erantzun dio Kolonbiako produktuei %25eko muga zerga jarriko diela. Petrok atzera egin du, eta adierazi hartuko dituela hegazkinak.
Jota utziko luke Kolonbiako ekonomia erosle nagusiak ezarriko lizkiokeen muga zergekin: kanpo salmenten herena AEBetan egiten du Kolonbiak.