Ez da ahora datorkion aurreneko gauza esaten duen lehenengo presidentea, baina asko begiratu behar da historiaren artxiboetan horrelako zatarkeria topatzeko. AEBetako presidente Donald Trumpek esan zuen atzo bere muga zergen politika deuseztatzailearen biktimak hasiak direla jaisteko erregutzen, eta prest daudela haren «ipurtzuloa musukatzeko». Arrunkeriazko esamolde hori esan zuen ekitaldian zeudenen aurrean, eta errespetu falta itzela egin haien herrialdeko ekonomia hondoratuta ikusi nahi ez duten agintariekin eta herritarrekin.
Ez dirudi txinatarrek denbora asko igaroko dutenik Trumpen atzealdeari begira, argi adierazi baitute ez direla kikilduko Trumpen harrokeriekin. Txinak finantza gaitasun handia dauka —ez ahaztu Txina dela AEBetako zorraren bigarren eroslerik handiena—, eta koltxoi horrek aukera ematen dio Trumpek erabakitako muga zergek sortutako zulo ekonomikoa denbora batez estaltzeko.
Europako Batasunak ez du borrokarik nahi AEBekin, eta, urtetan pilatu duen ahulezia sendaezinaz ohartuta, askoz bide umilagoa hartu du AEBei kontrazergak ezartzeko orduan: ehunekoetan eta ezartzeko egutegian. Pekinek badaki bestelako gerrak ere eduki ditzakeela Washingtonekin, eta lehen unetik erakutsi ditu hortzak.
Zerga lehia honetan, nongo ekonomia jausiko da lehenago? AEBetakoa edo Txinakoa?