martxelo otamendi

Trump, zigorraren zain

2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Behin zigortzen hasita, ez da kopuru makala Donald Trump AEBetako presidente ohia 34 deliturengatik zigortzea. Errudun jo zutela herenegun jakin genuen arren, zigorra nolakoa izango den ez dute publiko egingo Trumpen herrikideak sanferminetako entzierroak korritzen hasi arte. AEBetako justiziaren adarkada azalekoa edo sakonekoa izango den jakiteko, ordura arte itxaron beharko dugu.

Horrelakoetan jazotzen den legez, erantzun bakarra ez daukan eztabaida bat sortu da, hau da, presidentetzarako azaroko hauteskundeei begira mesede edo kalte egingo dio Trumpi zinpeko epaimahaikideek hartu berri duten erabakiak?

Hirurogeita hiru milioi herritarrek eman zioten botoa Trumpi 2016an, eta hamaika milioi gehiagok handik lau urtera. Hazkunde handia. Besterik pentsa genezakeen arren, Trumpek ez zuen sabaia jo Etxe Zurian lau urtez egon eta gero; aitzitik, gora egin zuen nabarmen botoetan. Badu azaroaren 5ean egingo diren hauteskundeetan boto gehiago lortzeko aukerarik, edo ahultzen hasiko da haren erakarmena?

Seguruena, zigorraren tamaina izango da erabakitzailea, ez baita gauza bera espetxe zigorra ezartzea edo ez ezartzea. Epaileak Trumpi espetxe zigorra ezartzen badio, oso litekeena da auzo lotsagatik galdutako botoak gehiago izatea, elkartasunagatik iritsiko zaizkionak baino.

Espetxe zigorraren zain daude demokratak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.