martxelo otamendi

Trump mehatxuka

2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Kargua urtarrilaren 20an hartu baino lehenago hasi da Donald Trump mehatxu geopolitikoak egiten. Askok presidente berriaren lehenengo ostikadak Txinaren aurkakoak izango zirela uste genuen, baina huts egin dugu, eta ekialdeko lehoia, oraingoz, bakean uztea erabaki du. Nahikoa lan badaukate Pekinek eta Washingtonek bigarrenak lehenari ezarri nahi dizkion muga zergekin.

Gabonetan, inork edukizko mezurik espero ez zuela, bota die mehatxu anexionista Trumpek Kanadari, Groenlandiari eta Panamari. Goiko bizilagunari, Kanadari alegia, esan zion «ideia bikaina» litzatekeela herrialdea AEBen 51. estatua bihurtzea, eta Kanadako lehen ministroari «Kanadako gobernadorea» deitu zion modu kezkagarri batean.

Groenlandia Danimarkaren esku dagoen lurralde autonomoa da, eta AEBetatik bere arduradun politikotik baino dezente gertuago dagoen argudio ezin arinagoarekin, errepikatu egin du 2019an adierazi zuena: munduko uharterik handiena erostea.

Hirugarren mehatxua Panamarentzat izan da. Panamako Kanalaren kudeaketa Panamak darama esklusiban 2000. urtearen hasieran AEBek eman ziotenetik. Trumpek dio oso garesti kobratzen diela Panamak AEBetako itsasontziei kanaletik igarotzeagatik, eta berreskuratu egin nahi duela, estatubatuarrek egin zutelako.

Gabonetako indioilarra baino harrotuago dabil Trump.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.