AHTak ez dio utzi eztabaida iturri izateari, bere tradizioari eutsita. Polemika handiarekin jaiotako proiektuaren ibilbideak ez du orain arte ika-mika handirik sortu, ez trena babestu dutenen esparruan. Iruñea eta Donostia lotuko dituen trenbidea nondik joango den argitzeko eztabaida sortu dute orain.
Historikoki, nahiz behin betiko erabakia hartu gabe egon, bi hiriburuak Ezkion barrena lotzea izan da ideia. Ideia izatetik egintza burutua izatera pasatu zen, eta milioi askoren kostua eduki duen Ezkioko geltoki handia eraiki zuten. Horren ondorioz, trenbidea Aralar mendikatearen azpitik igaroko zen: garestia, eta eragin ekologiko handikoa inguruan.
Duela ez asko hiriburuen arteko lotura egiteko beste aukera batek hartu du indarra: Iruñea-Gasteiz-Donostia. Merkeagoa eta kalte gutxiago sortuko duena, Gasteiztik Donostiarakoa egina dagoenez. Eta Iruñetik Gasteizerako lana merkea da beste aukerarekin alderatuta.
Gipuzkoako eta Arabako aldundien eta alderdi politikoen arteko foru borroka sortu da, guztion entretenigarri, nork berea defendituz; hiperbole askorekin. Denei entzunda ematen du lehia galtzen duen lurraldea etorkizun ekonomikorik gabe geratuko dela. Antzeko argudio beldurrarazleak entzun genizkien Pasaiako kanpo portua proposatzen zutenei. Hondoratuta dago Gipuzkoa?
Lanen ordaintzaileak —Espainiako Gobernuak— erabakiko du nondik egingo den; Gasteiztik, dirudienez.