martxelo otamendi

Tortura: galdera asko, erantzun gutxi

2025eko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Ehunka torturatuk beteko dute gaur goizean Donostiako Kursaaleko kuboetako bat. Kristalezko kubo batean sartuta igarotzen du emanaldia Jose K. torturatua antzezlaneko aktore bakarrak, biluzik, kubo heze eta beldurgarri batean. Donostiako dFeria antzerkialdian eman zuen lan hori, 2012an. Kuboz kubo dabil tortura.

Hilabete askotako tokian tokiko lanaren ondorioz, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen sorrera ekitaldia izango da gaurkoa. Aurreko hamarkadetan egindako ikerketak ahaztu gabe —Eva Forest, TAT…—, Paco Etxeberriaren ikerketa taldeak Hego Euskal Herriko bi gobernuen aginduz egindako ikerketek jantzi zientifikoa jarri diote denok genekienari: bost milatik gora herritar torturatu dituzte kolore guztietako poliziek. Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak. Asko geratu dira ikerketetatik kanpo: hilda daude, ez dute nahi izan…

Galdera asko sortzen dira torturen inguruan. Bazekiten torturatzaileen arduradun politikoek poliziek torturatzen zutela? Zer egiten zuten torturen salaketak komunikabide batzuetan argitaratzen zituztenean? Bidali al zituzten inoiz polizien barne auzietako ikertzaileak torturatuekin egon eta salatutako torturek beti patroi bera ote zeukaten aztertzera? Inoiz ez? Datu bat: polizia torturatzaileak ia beti bertsuak ziren.

Galdera asko, eta erantzuteko gogo gutxi.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.