martxelo otamendi

«Terroristaren» eta lehen ministroaren arteko aldea

2025eko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Adierazgarria da duela aste batzuk arte «terrorista» zen eta gaur Siriako behin-behineko agintari den Ahmed al-Xaraa bisitatzera joateko Europako hainbat buruzagik hartu duten abiada. Modako gizona bihurtu da abenduaren 8an Baxar al-Assaden erregimen krudela azukre koskorra bezala uretan desegin zuen gerrilla islamistako burua. Esanguratsua, era berean, ikustea Ahmed al-Xaraak zein azkar baztertu duen gerrillari jantzia, trajea eta gorbata janzteko. Presa dauka, nonbait, politikari zibilekin homologatzeko.

Denek izan nahi dute aurrenak Ahmed al-Xaraarekin harreman diplomatikoak eratzen, baita garaipena lortu atarian jihadista esaten ziotenek ere. Asko dira, ez interes beragatik, Siriaren gainean jirabiraka dabiltzan estatuak; orain arteko diktadore Baxar al-Assaden babesle nagusiak izan direnek, hau da, Errusiak eta Iranek eragina erabat galduko baitute herrialdean, agintari berriak umezurtz utzita.

Europak Alemaniako eta Frantziako Kanpo Harremanetako ministroak bidali ditu egunotan Ahmed al-Xaraari bisita egin eta trantsiziorako laguntza baldintzatua eskaintzera: demokratikoa, eta errespetuzkoa gutxiengoekin.

Non dago aldea «terroristaren» eta lehen ministroaren artean? «Terrorista» gerra irabazitakoan bihurtzen da lehen ministro ohoragarria. Siria adibide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.