martxelo otamendi

Telebista eztabaidak

2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Saiatzen dira telebistetako hauteskunde eztabaidetako gidariak saio dinamikoak egiten, hautagaien arteko eztabaida biziak sustatzen eta elkarren artean gehiagotan eztabaida dezaten; baina zaila dago, parte hartzaileak horren gidoi itxiarekin doazenean, denborak horren mugatuak daudenean, eta jorratu nahi diren gaiak horrenbeste direnean.

Formatu desberdinak probatu dituzte azken urteotan, arinagoa, telebisiboagoa, izango den saioaren bila. Zutabegile hau dago ezinezkoa dela lortu dena baino hobea egitea, eztabaida horiek egiturazko arazoa daukatelako. «Osagai hauekin hauxe da egin daitekeen onena», etsipenak hartutako sukaldariak esango lukeenez.

Hautagaien arteko aldea horrenbestekoa denean —igandeko hauteskundeetan Imanol Pradales eta Pello Otxandiano urruti geratuko dira atzetik dauzkaten hautagaiengandik—, bidezkoa izan liteke aztertzea bigarren eztabaida egitea inkesta guztietan oso goitik dabiltzan bi hautagaien artean.

Bi eztabaida, hortaz. Proposamen horrek beste hautagaien aukera berdintasuna urratzen duela argudiatuko da, biko eztabaidak handiagoa egiten duela handia, eta txikiagoa txikia, eta komunikabide publiko batek ezin duela horrela jokatu.

Baliteke, baina lehenengo eztabaidak bermatzen du txikien parte hartzea, eta bigarrenak interes nagusia. Posible izan beharko luke, baita komunikabide publikoetan ere.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.