Jihadistak eta Errusiako eta AEBetako soldaduak bere lurretan dauzkan munduko herrialde bakarra izango da Siria, barne leherketa jasateko arrisku handia hartu duen herrialdea. Kurduek izan ezik, buruzagiaren aurka borroka egin duen talde armatu bakoitzak potentzia handi baten babesa eduki du Sirian, eta hori posible izan da denek —bakoitzak bere arrazoiengatik— Damaskoko agintarien aurka egin dutelako.
Hafez eta Baxar al-Assad aita-semeen sistema politiko krudelak etsai etniko eta ideologiko asko metatu ditu hamarkadotan ezarri duten sistema politiko gogorraren ondorioz.
Posible izango al da Siria berrian borroka egin eta interes eta eredu zeharo kontrajarriak eduki dituzten talde guztien kohabitazioa? Ez. Are okerrago, Libia berri bat sortzeko arrisku handia dauka Siriak; ipar Afrikako herrian jazo legez, herrialdea hainbat zati geografiko eta politikotan zatitu, eta erreferente bateratzaile bat gabe geratzekoa.
«Muammar Gaddafiren aurka hobeto bizi ginen», esaten dute ahaztuta dauzkagun libiar askok; ez ahal dute siriarrek egoera berriaren ondorioz esan behar izango: «Baxar al-Assaden aurka hobeto bizi ginen».
1,5 milioi kurdu bizi dira Sirian, ipar-ekialdean, eta oso aktibo egon ziren Baxar al-Assaden aurkako borroketan. Dozenaka mila kurdu sarraskitu ditu Damaskok azken urteotan.