martxelo otamendi

Sinn Feinekoa lehen ministro

2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Hilabete askotako negoziazio intermitenteen ondorioz, eta konpondu beharreko arazo asko —denak ezin oso egoera politiko zatituan dagoen lurralde batean— konponbidean jarri eta gero, akordioa itxi berri dute Ipar Irlandako bi alderdi nagusiek: azken hauteskundeetako irabazlea, Sinn Fein errepublikanoa, eta bigarrena, DUP unionista.

Sinn Feinekoek bazekiten 2022ko maiatzeko hauteskundeak irabaztearen ondorioz —27 eserleku Sinn Feinek eta 25 DUPek— sortuko zen gobernuaren burua, goiz edo berandu, Sinn Feinekoa izango zela, unionistek nahi edo ez. Unionistek aitzakia behar zuten herritarrek hauteskundeetan erabakitakoa, Sinn Feinen garaipena, galgatzeko; brexit-aren ondoren Bruselak eta Londresek 2020an hitzartu zuten Ipar Irlandako Protokoloa esaten zaiona izan da aitzakia, bi Irlanden arteko muga komertziala ezartzen ez zuelakoan.

Pazientziaren estrategia erabili du Sinn Feinek blokeoak iraun duen bi urteotan, istilurik sortu gabe, jakinda halako batean unionistek amore emango zutela. Iazko azaroan eta abenduan hasi ziren errepublikanoak ikusten akordioaren lehen argi izpiak unionisten tunel beltzean.

Michelle O’Neill da Ipar Irlandako aurreneko lehen ministro sinnfeindarra. Sinn Fein, «gu geu» euskaraz, irabazle bi Irlandetan, Irlanda batua gertuago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.