Abiadura handian dabiltzan trenen pareko luzera hartzen ari da izen bereko trenak egiten dituen Talgo konpainiaren salmenta. Ibilbide luzeko trengintzan erreferentziazkoak izan ziren Talgo trenak Pirinioetatik behera; berritzaileak izan ziren artikulazio sistemagatik, eta, garai hartan Renfek zerabiltzan trenekin alderatuta, hartzen zuten abiaduragatik.
Enpresak trenen abiadura azkarrean saldu eta erosten diren egunotan, tren egile batek baino gehiagok jarri ditu begiak Talgon. Euli asko dabiltza hilabeteotan Talgoren inguruan. Espainiako Gobernuak ulertzen erraza baina zuritzen zaila den erabaki bat hartu zuen: estrategikotzat jo zuen Talgo konpainia. Modu bakarra zen akzioak ederki ordainduta konpainia erosi nahi zuten hungariarrak erosle posibleen taldetik kanpo uzteko.
Talgok dauzkan bi lantegietan nagusia Araban dago, zazpiehun langile zuzenekin eta zeharkako milaka batzuekin. Ulergarria da Eusko Jaurlaritza eta zenbait euskal enpresa kezkatuta egotea Talgoren inguruan horrenbeste harrapari ikusita; eta, Sidenor makinista jarrita, ahalegina egiten ari dira enpresaren kontrola hartzeko.
Hungariarrei betoa jarrita, poloniarrak eta indiarrak hurbildu dira azken asteotan, akzioko euskaldunek baino gehiago eskaini eta Sidenorren operazioa zailduta.
CAF nasako aulkian eserita dago, eta isilik.