martxelo otamendi

Sexu erasoak festetan

2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Estatistiken arabera, eta logikak ere horixe bera iradokitzen digu, ugaritu egiten dira sexu erasoak udako festa jendetsuetan, oso koktel arriskutsua eratzen duten osagarriek bat egiten dutelako: jende asko, etengabeko festa giroa musikarekin eta dantzarekin, alkoholaren kontsumo neurrigabeak edozer gauza egiteko baimena ematen duen uste zitala, gizonkeriak bultzatutako ekintzak ondo baloratzea talde giroan, erasoa ikusten dutenek ez eragoztea —ez zaielako horren larria iruditzen, edo ausartzen ez direlako—... Ondorioa, emakumeak eta LGTBIQ+ kolektiboa are zaurgarriago egiten dituztela jendetza handiko ospakizunek.

Bi lan eremu desberdin daude. Erasoa gertatu aurreko lana, eta gertatu ondorengoa. Aurrenekoak lan luzea eta intentsiboa eskatzen du, festa aurreko egunetakoa ez baino urte osokoa, festak ez diren uneetarako ere balio duena. Ikastetxeetan, lantegietan, talde antolatuetan... egin beharrekoa da. Bigarrenak, zoritxarrez, eragotzi ez den erasoaren ondorioa ahal den hobekien, eta azkarren, kudeatzea bilatzen du: harrera, ondorio fisiko eta psikologikoentzako tratamendua, egilea atxilotzea, herrietan salaketa ekintzak eratzea...

Horrenbeste jenderekin eta egoera horretan normala da gertatzea dioen pentsamenduari aurre egin beharko genioke, etsipenera eta geldirik geratzera garamatzalako.

Gizonok egin beharreko lana da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.