martxelo otamendi

Semaforoa itzaltzear Alemanian

2024ko azaroaren 15a
05:00
Entzun

Ez zaigu komeni europarroi Alemaniak katarroa harrapatzea, ez ekonomikoa, ez politikoa. Ekonomikoa, daukan industria handia oso erosle ona delako; eta politikoa, Erresuma Batuarekin batera erreferente nagusia delako.

Ikusi dugu katarro ekonomikoa harrapatuta dabilela Europako industriaren lokomotorra: ekonomia ahultzen ari zaio, enpresa handi batzuk —Volkswagen...— larri ibiltzen hasi dira, eta hazkunde txikia edukiko du datozen urteotan. Zaila da Alemania gaizki ibilita Europako beste inor sendo ibiltzea.

Hiru kolorek osatutako semaforo gobernua eduki dute Alemanian 2021etik. Gorria sozialdemokratak, berdea berdeak, eta horia liberalak. Herrialdearen egoera ekonomiko txarrari eman beharreko irtenbidean zentratu da sozialdemokraten eta liberalen arteko ezadostasuna. Ondorioz, liberalak gobernutik aterata gutxiengoan geratu da Olaf Scholz kantziler sozialdemokrataren gobernua. Scholzek konfiantza mozioa aurkeztuko du parlamentuan abenduan, eta, gainditzen ez badu, hauteskundeak otsailean.

Zeinek aterako dio etekina Alemaniako egoera nahasi horri? Gero eta indar handiagoa hartzen ari den eta bigarren alderdia izatera irits litekeen AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak. Ekialdeko landerretan lortu du babesik handiena, oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.