Duela hamarkada batzuk, traineruetan Espainiako Txapelketa batzuk irabazita zeuzkan elkarte batean bazkideek eztabaida beroa eduki zuten lortutako Espainiako banderekin zer egin erabakitzeko orduan. Kide batzuek nahiago zuten Espainiako banderak elkartean erakustea; eta besteek, aitzitik, bandera horiek ezkutatzea.
Espainiako gizonezkoen futbol selekzioak txapelketa bat jokatzen duen aldiro sortzen da egun batzuk irauten duen eztabaida Hego Euskal Herrian. Euskal Herriari ukatu egiten zaiola parte hartzeko eskubidea, boikota egin behar zaiola selekzioari, euskal jokalariek ez luketela parte hartu beharko... Udako sugea, txapelketa handiak udan izaten direnez.
Maite edo ez, errespetatu egin behar da jokalarien erabakia, eta haietako norberak erabakiko du, jokatzeaz gain, zenbaterainoko protagonismoarekin hartuko duen parte garaipena ospatzeko jendaurreko ekitaldietan. Oso bigarren lerroan geratu ziren euskal futbolariak astelehenean Madrilen Europako Txapelketa ospatzeko egin zen jendaurreko festa jendetsuan.
Tentsio jaitsiera kezkagarria dago auzi horretan, hala ere. Duela urte gutxi, arraunera itzulita, kostaldeko herri batean, Espainiako Txapelketa irabazi zutela eta, Espainiako bandera eskuetan hartuta ibili ziren arraunlariak ongietorria emateko herrian egin zieten kalejiran.
Ofizialtasunik ezean, parte hartu, baina ikurrekin alarderik egin gabe.