Bazegoen, bada, zutabegile hau, egokituko zitzaiola Kortaturen Sarri, Sarri kantari bere txanda, halako batean bakarren batek esango zuela mingarria egiten zaiola kanta hori, biktimentzako errespetu falta, ETAko kideen gorespena… Denbora gehiegi zeramaten kantarekin sartu gabe.
Nahi dutena esango dute, baina ideia biribila da. Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak 1985ean ihes egin zuten kartzelan bertan, haien ihesean oinarritutako kanta ihes egin zuten espetxearen patioan jotzea ihesa bera bezain ideia ona da; eta bukaera ematen dio ihesaren zikloari: Martutenetik ihes harrigarria egin kantari baten bozgorailuan, kanta entzutetsua sortu eta lau haizeetara hedatu, eta, azkenean, kanta Martutenen bertan jo. Fermin Muguruzaren eta konpainiaren efektu kolpe bikaina.
PSEko kide Maria Jesus San Joseren Justizia Sailak ez du hutsik egin: zorroztu egingo dituzte kartzeletan kultur ekitaldiak egiteko baldintzak.
Aginduko du Jaurlaritzako espetxe zuzendaritzak zigortzea kanta jo bitartean espetxeko patioan –bideoan ikusten denez– dantzan zebiltzan presoak?
Ihesarekin filma egitea –bada garaia!– debekatuko dute? Ukatuko dio Gogora Institutuak diru laguntza Martuteneko ihesaz egindako filmari? ETBk 2020an eman zuen Ihesaldia saila, ETAko kideek Basauriko espetxetik egindako ihes saiakera kontatzen duena.