martxelo otamendi

Sarraila berria Downing Streeten

2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Urruti geratu dira Britainia Handia eta kontinentearen arteko itsasoan laino itxia zegoenean britainiar harrotuek «kontinentea isolatuta» geratu zela esaten zuten garaiak. Haiek izan dira beren burua kontinentetik gero eta gehiago isolatu dutenak. Europako Batasunean egonda ere —ez zuten sekula sinetsi proiektuan—, gogoratu besterik ez dago uko egin ziotela 2002an euren libera ezkutatu eta, EBko beste herrialdeek egin zutenaren bidetik, euroa haien moneta bihurtzeari. Azken erabakia EB uztea izan zen, 2020an.

Alderdi Kontserbadoreak eduki du gobernuaren ardura azken hamalau urteotan, eta, inkestek haien balorazioa lurraren pare jartzen zutela ikusita, hauteskundeak aurreratu beste biderik ez zuen izan lehen ministro Rishi Sunakek. Laboristek, kontserbadoreen demerituagatik, aisa irabazi zituzten hilaren 4an egindako hauteskundeak, Keir Starmer hautagaia lehen ministro eginda. Lan handia edukiko du laboristak Erresuma Batuko herritarrak kanpainan agindu zuen proiektu bateratura biltzen, eta herrialdeak esparru ekonomikoan eta, bereziki, diplomatikoan galdu duen erreferentzialtasuna berreskuratzen.

Bere burua autoisolatzen hasi ziren britainiarrak Downing Streeteko ate nagusiaren giltza Boris Johnson iskanbilatsuari eman ziotenean.

Atearen giltza aldatzea nahiko ez, eta sarraila aldatu beharko du Starmer maizter berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.