Europe hotela, Belfasten dagoen garestiena, hamarkadetan errepublikanoak baztertzen zituzten unionisten hotel desiratua izan da. Haien ospakizun lekua: bataioak, ezkontzak, unionisten batzarrak... Errepublikanoentzat, haiek jasan duten zapalkuntzaren ikurra izan da urteetan, hiriaren erdi-erdian. Hartaraino, IRAk behin baino gehiagotan egin diola erasoa hotelari lehergailuekin. Hoteleko arduradunek erasoen argazkiak erakusten dituzte hoteleko eskaileran.
Atzo gauean, Aisling Sarien gala ikusgarria egin zuten hotelean. Belfasten urteetan bereizita eta elkarren aurka borroka latza eginda bizi izan diren bi komunitateen —errepublikanoak eta unionistak— bizikidetza lantzeko ahalegina saritzen dute: hizkuntza akademia bat, kirol talde bat... Denek badakite Sinn Feinen ekimen bat dela. Parte hartzaile gehienak errepublikanoak dira, baina unionistak ere joaten dira.
Sinn Fein, iraganaz hitz eginda ezer irabazteko ez daukatelakoan, etorkizunari begira dagoen alderdia da; unionistek, aldiz, iraganean segitzen dute iltzatuta, malko batean.
«Lepoan txoritxoa jantzita daramaten horiek ez ziren urruti ibiliko lehergailuak jarri zituztenean», esan zidan Sinn Feineko kide batek.