martxelo otamendi

Saria ‘mugalari sozialei’

2024ko urriaren 8a
05:00
Entzun

«Muga igarotzeko paperik ez neukan, eta igarotzen lagundu zenidaten» edo «Itsasoan gindoazen patera hondoratzear zegoela, erreskatean etorri zineten»… bezalako esaldiak jaso beharko lituzke kristauen Biblia gaurkotuak, inoiz berritzea bururatzen bazaie.

Justiziarekin arazoak edukiko dituztela jakitun, urteak daramatzate Irungo eta Hendaiako herritar solidarioek Gipuzkoatik Lapurdira pasatu nahi duten migratzaileei laguntzen, bidean topatzen dituzten muga mentalak, administratiboak, polizialak eta judizialak gaindituta.

Azken Korrikan, Elkartasunezko Ekintzarik Irudimentsuenaren Saria irabaztea merezi duen ekinaldia egin zuten mugalari sozialek, alegia, euskararen aldeko martxak Irundik Hendaiara igaro behar zuenean 36 migratzaile korrikazaleen multzoan sartuta lagundu zieten migratzaile horiei muga gainditzen.

Estatuek —epaileek, poliziek…—  gaizki hartzen dute herritarrek arauak haustea, baina sutan jartzen ditu hori era irrigarrian egiteak. Horregatik deitu zieten deklaratzera joan den asteazkenean zazpi solidariori Hendaiako komisariara. Urtarrilean Baionako Auzitegira joan beharko dutela adierazi zieten; epaileak gogor jarriz gero, brometarako ez diren delituak leporatuta: migratzaileei Frantzian sartzen laguntzea eta zirkulazioa irregularra erraztea.

Alferrik ari dira epaileak eta poliziak, muga iragan behar duten migratzaileei laguntza ematen segituko dute mugalari sozialek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.