martxelo otamendi

Salvador Illa eta Ipar Katalunia

2025eko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Interes handia zegoen Katalunian —ez bakarrik independentziazaleen artean— jakiteko zer egingo zuen Kataluniako gobernu sozialistak azken hamarkadotan independentziazaleen gidaritza eduki zuten gobernuek munduan zehar barreiatuta zeuzkaten Kataluniako ordezkaritzen jardunarekin. Enbaxadak esaten zieten independentziazaleek ordezkaritza horiei. 

Ordezkaritzek independentziaren aldeko lan politiko handia egin zuten, 2017an Espainiako presidente Mariano Rajoyk, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezarriz, denak ixtea agindu zuen arte; Bruselakoa izan ezik. Geroztik, Quim Torra eta Pere Aragones presidenteekin, ostera zabaldu zituzten gehienak.

Zer izaera emango die ordezkaritzoi Salvador Illa presidente sozialistak? Ipar Katalunian daukaten ordezkariak, Christopher Personek, piztu du sua, independentziazaleak biziki haserrearazita. Kataluniako Parlamentuan, gobernuak Ipar Katalunian daukan ordezkariak uko egin dio lurralde horri Ipar Katalunia deitzeari, eta Frantziak erabiltzen duen Ekialdeko Pirinioak hobetsi du. Hori gutxi ez, eta esan du Ipar Katalunian ez dela katalanez hitz egiten.

Tonu gogorreko bi eskutitz jaso ditu Illak. Lehena, Ipar Kataluniako alkate katalanistena; bigarrena, Person baino lehenago ordezkaritzaburu izan diren laurek sinatua. Bietan ordezkaritzaburua kargugabetzea eskatzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.