Duela gutxi ofiziokide askorentzat kazetaritza konprometituaren erreferentea den Ignacio Ramonetek eskutitz landua bidali zion AEBetako presidente Joe Bideni; kargua uzteko denbora gutxi falta zaionez, erabaki gogoangarria har dezan proposatuz.
Urte askotan eduki du AEBetako administrazioak Kuba «terrorismoa babesten» duten herrialdeen zerrendan, gaiztoen zerrendan alegia, Barack Obama presidenteak Kubarekin abiatu zuen desizozte estrategiaren barruko keinu gisa 2015eko maiatzean atera zuen arte. Keinu garrantzitsua Kubak bere egoera nazioartean normalizatzeko, kosta ahala kosta behar zuena.
Agintea uztear zela, eta Kubari min emateko helburuarekin, Donald Trumpek berriro sartu zuen Antilletan handiena madarikatuen zerrendan, inolako arrazoirik gabe. 2021eko urtarrilean harrapatu zuen kasketaldi hura Trumpek.
Nazioarteko informazioa sona handiarekin lantzen duen Le Monde Diplomatique hilabetekariaren zuzendaria izan zen Ramonet 1990etik 2008ra, ospe handiko analista izateaz gain.
Eskutitzean, Ramonetek adierazten dio Bideni Kuba zerrenda horretan edukitzeko inolako arrazoirik ez dagoela, anakronikoa dela, eta kalte handia ekartzen diela herritar xumeei. Era berean, proposatzen dio erabakia Etxe Zuria utzi aurretik hartzea.
Latinoamerikako diktaduren aurkako gerrillei babesa eman zien Kubak bere garaian, jakina denez. Gaur egun ez dago gerrillarik inguru horretan.