PPri eta Voxi ez bada, inori onurarik ekarriko ez dion estrategia batean sartuta daude PSOE eta Junts. Itsusi egiten du Espainiako Gobernuak omnibus dekretu berean elkarrekin zerikusirik ez daukaten dekretuak eta herritar xumeentzat garrantzitsuak direnak sartuta. Esango du gobernu guztiek egin dutela hori Espainiako Kongresuan, baina ez dira urte asko halakoak egiten hasi zirela. Dekretu guztiak batera bozkaraztean, PSOEk Junts lotsarazi nahi zuen bere boto emaileen aurrean, gobernuan dagoen alderdi nagusiaren aurkako botoa emateak dekretu sozialak errefusatzea ere badakarrelako.
Lafayette dekretu handiak barnean daramatzan dekretuetako batzuk (erretiroaren igoera, garraio merkea…) oso mesedegarriak dira milioika herritarrentzat, eta PSOEren eta Juntsen boto emaile askok —bi alderdiek hirugarren adineko asko dauzkate—, hala nola beste alderdietakoek ere, nekez ulertuko dute, bategatik edo besteagatik, onura horiek arriskuan jartzea.
Gobernuak argudiatuko du jausi diren dekretu sozialak aurki eramango dituela berriro Kongresura, baina kaltea eginda dago. Adibide bat: herenegun baino lehenago trenen txartel merkea erosi ez dutenek txartel osoa ordaindu beharko dute.
Zer esanik ez urtarrileko pentsioan igoera eduki dutenek ikusten dutenean otsailean ostera iazko kopurura jaitsiko dietela.