Zer gehiago egin behar du UPNk, PSNk bere zeharkako babesarekin Iruñeko alkate egin zuen Cristina Ibarrola alkate aulkitik kendu eta EH Bilduren hautagai Joseba Asiron, behingoz, alkate egiteko?
Ezinezkoa omen zen PSNk Iruñeko alkatetza Asironi erraztea, EH Bilduk —sozialistek oso gustuko duten esapidea erabilita— «urteetako motxila» hustu gabe segitzen duelako. Hori esan zuten 2019ko eta aurtengo udal hauteskundeen ondoren.
Ibarrola UPNkoa alkatea denetik, asko aldatu da, baina, politika handia. PPk inoiz ikusi gabeko kanpaina politikoa, mediatikoa eta judiziala abiatu du PSOEren aurka. Joan den larunbatean, UPNk babestu egin zuen Sociedad Civil Navarra nabarrismoaren pantailak deitu zuen ekitaldia, zeinetan sekulakoak esan ziren PSN-PSOEren aurka. Ekitaldira UPNk eraman zuen jendearen zati nagusia.
Alkate baten aurka zentsura mozioa aurkezteko arrazoi nagusia, ia kasu guztietan, alkate horren kudeaketa txarra izan ohi da. Alegia, udalaren barruko auzia. Iruñeko kasuan, berriz, ematen du kanpoko auzi batek bultzatu beharko lukeela erabakia: UPNk bat egitea berari alkatetza erraztu zion PSNren aurka PPk bultzatutako kanpainarekin.
Edo horrela ere ez?