martxelo otamendi

PSN, UPN baino okerrago Oinez-en

2024ko urriaren 22a
05:00
Entzun

Lehian ibili ohi dira PSN eta UPN, nork gehiago eman bizkarra euskarari Nafarroan. Igandean, partida lotsagarri horretan, PSNk irabazi zion UPNri Zangozan egindako Nafarroa Oinez-en.

UPNren soziologia biltzen duen AISS Agrupacion Independiente San Sebastianek irabazi zituen iazko udal hauteskundeak Nafarroako herri horretan, bost zinegotzirekin; EH Bildu bigarren geratu zen irabazleak adina zinegotzirekin —botoen %8 gutxiago bilduta—, eta PSN azkena, zinegotzi bakarrarekin. Berdinketa gertatuta, nori eman zion alkatetza PSNk? AISSi, noski. Ez dute hutsik egiten.

Antolatzaileek egindako gonbidapena onartuta, igandeko ekitaldietan hartu zuen parte Javier Solozabal alkateak, erabateko normaltasunarekin: ongietorri mintzaldia eman zuen hasierako ekitaldian, gonbidatuen itzulia egin zuen, eta itzuliaren osteko omenaldian eta otamen ekitaldian egon zen. 

UPNko hiru parlamentari ere egon ziren ekitaldietan alderdia ordezkatzen. PSNk ez zuen inor bidali, eta gauza bera egin zuten PSNren esku dagoen Hezkuntza Departamenduko arduradunek: inor ez zen joan, ezta erdi mailako ordezkaririk ere. Nahiz hezkuntza alorreko erakunde baten urteko ekitaldirik garrantzitsuena izan. PSNren jarrera gero eta gertuago dago euskarafobiatik, hauteskunde kalkuluaren morroi, formak ere gordetzen ez dituelako. 

Eskumatik galdu nahi ez duena ezkerretik galtzeko arriskua dauka PSNk.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.