Ulertzen erraza ez den harreman akonplejatua daukate euskararekin PSOEk Hego Euskal Herrian dauzkan bi alderdiek: PSNk eta PSEk.
Marka guztiak hautsiz, mespretxu ikaragarria egin zion PSNk euskarari iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako kanpainan argitaratutako txartel batean zortzi hizkuntza erabilita —alemana tartean—, baina ez euskara. PSNren webgunean ez dago euskararen arrastorik.
PSEren webgunean sartuta, lehen orrialdean dena gaztelaniaz dago, euskara ez da ageri. Euskarazko bertsioan, titulu nagusi pare bat euskaraz, baina euskarazko tituluak garatzen dituzten testuak gaztelaniaz daude; eta eguneko albiste berri guztiak ere gaztelaniaz, euskarazko bertsioan. PSCren webgunearen azala katalanez da erabat, eta barruan sartu behar da gaztelaniazko bertsioa topatzeko.
Garai batean, PSEren buruzagi gehienak erdaldunak ziren —Rubial, Jauregi, Ares, Pastor, Lopez...—. Orain, aitzitik, euskaldunak dira: Andueza bera, Mendia, Itsaso, Garmendia... Zergatik egiten dio uko Eneko Andueza lehendakarigai sozialistak euskaldunen botoa hartzeari, bera euskaldun petoa izanda? Anduezaren kanpaina estatikoan, zer dela eta da bost aldiz handiagoa gaztelaniazko leloaren letra —Vota al que decide— euskarazko leloaren letra baino —Erabakia zurea da—?
5-1 proportzio hori ulergarria izan zitekeen 1982an, ez 2024an.