Garairik txarrenean egokitu zaio ERCren barruko giro nahasia Salvador Illari, Kataluniako hauteskundeetako irabazleari. Bi alderdien arteko elkarlanerako aukerarik ba ote dagoen aztertzen hasi behar dutenean, ez du mahaiaren beste aldean egoera orekatuan dagoen mintzakiderik aurkituko. ERCko norekin batzartuta topatu behar du gutxieneko sintonia akordioak lortzeko, jakinda alderdietako krisiak ez direla gauetik goizera konpontzen? Daudenekin eta badoazenekin batzartuko da?, ez daudenekin baina egongo direnekin?
Interes bera daukate bi alderdiek hauteskundeak berriro egin ez daitezen, baina arrazoi desberdinengatik. Sozialistek, ez dutelako arriskuan jarri nahi igandeko emaitza bikaina, alegia, beste baterako utziko dituztela esperimentuak. Errepublikanoek, oso ahul iritsiko direlako hauteskundeetara, oso emaitza txarrekin eta hauteskunde batzuei aurre egiteko behar den barne trinkotasunik gabe.
PSCrekin zer egin erabakitzeko, ERCren hiru barne korronteak hasi dira azaleratzen beren nahiak: PSCrekin eta Comu-Sumarrekin ezkerreko hiruko gobernua egotea nahi dutenak, Illaren inbestidura ahalbidetzea baina oposizio trinkoan geratuta, eta Puigdemontekin akordioa egitearen aldekoak. Azken horiek gutxiengoan daude, baina aktiboenak dira.
Aktibitate handia daukate azken egunotan hiru korronte horietako kideak komunikatzeko barne sareek.