Ahalegindu arren, ematen du hutsean geratu dela PPren ekinaldia —Europako zuzentarauaren aplikazioari muzin egin nahi izanda— hainbat euskal preso politikok delitu beragatik Frantzian betetako urteak Hego Euskal Herriko espetxeetan ere bete ditzaten.
Espainiako Kongresua ez da jausi Senatuak PPren aurpegia garbitzeko jarritako tranpan, helburu bakarra zeukana PSOErengan uztea legearen onarpenaren ardura, eta PPk eta Voxek duela aste batzuk lege horren alde eman zuten boto lotsagarria ezkutatuko zuen ke lainoa zabaltzea.
Kongresuan lege hori ez da ostera ez eztabaidatuko ez bozkatuko; eta indarrean sartuko da behin hurrengo egunetan Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuta. Legearen aplikazioa ez da, Parot legearekin gertatu zen bezala, automatikoa izango. Legearen ondorioz kalera aterako diren euskal preso politikoen kopurua —ezjakintasunez edo nahita— asko puztu da, nonbait salatzeko Pedro Sanchez presidentea kapaza dela espetxeak euskal preso politikorik gabe uzteko botereari eustearen truke. Argitaratu den kopurua —50 inguru— urruti dago kaleratze zuzenaz baliatuko diren presoen kopurutik.
Legeak salbuespenezko jokabide bat indargabetzen du, eta bide bat zabaltzen du iraganekoak izan arren euskal preso politikoekin oraindik ere aplikatzen diren salbuespen arauak indargabetzeko. Oztopo bat gutxiago presoak etxeratzeko lasterketan.