Patuaren kontua izango, edo ez, baina egun berean bat egin dute euskal preso politikoen esparruko bi adierazpenek, egoera aldatzen ez bada hurrengo urteetan oso bateragarriak izango ez direnak.
Herenegun, euskal presoen eskubideen aldeko akordio zabala lantzen duen Sare erakundeak, urtero legez, urtarrileko bigarren larunbatean egingo den manifestazioaren deialdia egin zuen, Behin betiko leloarekin, alegia, behin betiko konponbidearen alde.
Egun berean, Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako sailburuak parlamentariei haien egitasmoak aurkezteko errondan, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak aro berri bat iragarri zuen memoriaren lanketan. Lehendik elkarrizketa batean esan zuena berretsi zuen, hau da, estuago hartuko dituela biktimarioak. Rodolfo Ares Barne sailburu ohiaren jarrera bera.
Zorioneko gu. San Jose sailburuak Espainiako Poliziaren Donostiako egoitzan Meliton Manzanasek daukan plaka kenaraziko du, garai bateko Gobernu Zibilean plaka bat jarriko du adieraziz Manzanasek —eta beste askok— eraikin horretan torturatzen zuela, beste bat iguala Intxaurrondoko kuartelaren parean, GAL politikoa ondorio guztiekin ikertuko du behingoz, ehunka torturatzaile —berdeak, urdinak eta gorriak— epaile aurrera eramango dituen ikerketa talde berezia eta serioa sortuko du Ertzaintzan...
Garaiz dabil Imanol Pradales lehendakaria ordena jartzeko.