Ilusioa egiten digun desira onen urteroko aldia bukatuta, bizitza erreala utzi genuen tokira itzultzeko garaia da gaurtik aurrera. Zorionaren tartea hasi aurretik zeuden bezain korapilatuta baitaude arazoak.
Espainiako politikan —Hego Euskal Herrikoa zuzenean edo azaletik ukitzen duena— duela urte gutxi batzuk ezinezkoa ematen zuen hurbilpen operazioa ikusi dugu, eta PP da berak osatu nahi duen triangeluaren erpin nagusia. Estrategia marraztu duen geometra politikoak etorkizunean ezinbesteko izango zaizkion Junts eta EAJ nahi ditu beste bi erpinetan. Sendoa da PPk amesten duen triangelu hori? Ez, inolaz ere ez; oraingoz. Politikan «ez» guztiak «ez, oraingoz» direlako.
PPrenganako hurbilpen estrategikoa —«oraingoz»— ezinezkoa denez, edukizko hurbilpena eraikitzen hasi da geometra, Kongresuko kalkulagailuak triangelu sendoa eraikitzeko garai egokiagoa eskainiko duelakoan. PPk, Juntsek eta EAJk atzera bota berri dute Espainiako Gobernuak energia enpresa handien irabazi bereziei luzatu nahi zien zerga. Edukizko akordioa.
Triangeluaren eraikuntza mantso doa, eta eraikiago dago Juntsen aldea EAJrena baino. Aterako da triangelua? PPk erpin batean Vox legokeen laukia nahiago du, baina beste biek nahiago dute Vox gabeko triangelua. Kalkulagailuaren zain.