martxelo otamendi

PPk ez du hanka sartu presoekin

2024ko urriaren 10a
05:00
Entzun

Ez dute sinesgarritasun handirik eskaintzen PPko buruzagiek esaten dutenean nahi gabe eman ziotela aldeko botoa Espainiako Kongresuan Europako Batasuneko estatuetan presoek bete beharreko zigor urteak bateratzen dituen zuzentaraua Espainiako legerian txertatzen duen lege erreformari.

Zuzentaraua betetzea derrigorrezkoa da Europako Batasuneko estatu guztientzat, eta arrazoi horregatik, eta batik bat ETAko preso batzuei kartzelatik lehenago irteteko eskubidea ematen zielako, urteak zeramatzan auziak Espainiako agenda politikoan eta mediatikoan. Beraz, PPkoek ezin izango dute argudiatu ezezaguna zitzaiela, ez zutela sekula horren berri eduki, eta ohartu gabe sartu ziela ziria Espainiako Gobernuak. PPkoen oso gustuko gaia da euskal preso politikoena, eta presoen inguruko kontuei oso gertutik jarraitu diete.

Aspaldi bete behar zuen Espainiak zuzentaraua —duela 16 urte onartu zuelako Europak— baina PPk transposizioa arautzeko orduan ETAko preso ia guztiak eskubide hori gabe uzten zituen denbora muga sartu zuen aplikazioa arautzen zuen testuan: 2010eko abuztua baino lehenago zigortutakoak kanpoan geratu ziren.

Hutsegitea izan ez bada, zer helbururekin eman zioten PPkoek boto aldaketari? Keinu bat, hurbilpen bat gai sentibera batean, Espainiako hurrengo hauteskundeen ondoren gertu eduki nahi duen euskal alderdi bati?

Denborak argituko du hala izan den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.